Blog honetan euskararekin lotutako hainbat informazio interesgarri aurkituko duzu: albisteak, deialdiak, euskarazko ekintzen agenda, baliabideak, auzoko berriak, zertan ari garen... Iruzkinen bidez zure iradokizunak eta ekarpenak jaso nahiko genituzke. Parte hartu!!

2010-07-01

SAN FERMINETAN ERE EUSKARAZ BIZI!!!

1. ENTZIERROAN ERE EUSKARAZ...

Entzun arren San Fermin
zu zaitugu patroi
zuzendu gure oinak
entzierro hontan otoi.
Viva San Fermín. Gora San Fermín

2.Depor tabernako San Ferminetako egitaraua:

Uztailak 11:
20etan, TRIKITEENS taldearen kontzertua.
Uztailak 12:
13etan, Bertso-bermuta Xilbeira eta Ministro bertsolariekin.
15etan, Euskaraz Bizi bazkaria.
20etan, EGURRA TA KITTO taldearen kontzertua.

NUPen ere euskaraz bizi nahi dugu!

Hauxe da Kontseilua, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, LAB, ELA, STEE-EILAS, Nafarroako Ikastolen Elkartea erakundeen eta Unibertsitate komunitateko hainbat irakasle, ikasle eta langileen ordezkaritzak, NUPeko euskarazko matrikulazioari dagokionez egindako hausnarketa:

1. Lehenengo eta behin, esan nahi dugu zorionez euskaraz bizi nahi duen jendea geroeta gehiago dela. Goi mailako ikasketak egitea ezinbestekoa da gaur egungo gazteen prestakuntzarako eta ondorioz, haien bizimoduaren parte garrantzitsua da zeregin hori. Zentzu horretan, ikasketa horiek euskaraz burutzeko mota guztietako zailtasunak badaude ere, argi eta garbi ikusten dugu, euskaraz matrikulatzea bera, gure hizkuntzaren aldeko ekintza dela. Gaurko gazteek, euskara hautatuz irekitzen diote etorkizuna euskarari, beraz, euskaraz bizitzearen aldeko apustua egin dezaten dei egin nahi diegu.

2. Ez da komunikabideen aurrean agertzen garen lehenengo aldia, NUPeko euskarazko matrikulazioa bultzatzeko asmoz. Honetan ere, aurreko urteetan egindakoetan bultzatu gintuen datu esanguratsua bera azpimarratu nahi dugu, alegia, gero eta handiagoa dela unibertsitateko goi mailako hezkuntzara iristen den ikasle elebidunen kopurua. 2005/06 ikasturteko matrikulazio datuek jada arrazoia eman ziguten, orduan matrikulatu ziren ikasle euskaldunen % 20ko muga gainditu eta % 21,5era iritsi baitzen. Kopuru hori mantendu egin da azken urteetan, aurten % 22,37 izanik. Errealitate honek aise gainditu du Unibertsitateak berak aurreikusten zuena. Ikasle euskaldunen kopuruak eta ehunekoak gora egin dute ia Fakultate eta
Eskola guztietan.

3. Errealitate honen aurrean, egia da unibertsitateak zertxobait gehiagotu duela bere euskarazko eskaintza, baina zoritxarrez, gehiagotze honen oinarria ez da hizkuntza normalizaziorako benetako Plangintza. Batetik, bere garaian Errektoreak ezin izan zuen euskararako atxikia izendatu, proposatutako hautagai guztiek uko egin diotelako kargu horri. Atxikitza berezitik Errektoreordetzaren mendera pasatzean euskarak pisua eta garrantzia galdu zituen unibertsitatearen gobernuko organigramaren barruan. Bestetik, 2007an Euskararen
Normalizaziorako Plana onartu egin zen, euskararen garapen jasangarriarentzat gutxieneko baldintzak betetzen ez duen Plana. Plan horrek ez du ikasketa guztiak euskaraz eskaintzeko aukera jasotzen, ezta helburu horretara ailegatzeko estrategiarik markatzen. Edozein modutan, xehetasunetan sartu gabe, 2007-2009rako Plan horrek argi utzi du ikasle euskaldunen erantzun ona izan dela. Beste era batera esanda, euskarazko irakasgaiak eskaini diren tokian matrikulazioa izan da. Aurtengo ikasturtean, 720 ikasle matrikulatu dira euskarazko irakasgaietan.

4. 720 ikasle horiek ezin dute bere ikasketak euskaraz burutu, irakasgairen bat besterik ez. Hala ere, NUPeko ikasleen % 9,94 dira, aurten hautaprobak egin dituzten ikasle euskaldunen ehunekoa % 22,37 izan arren. Egoera honek ezinegona sortzen du ordezkatzen ditugun pertsona-multzoetan, uste dugulako, gauzak honela, ez zaiela behar den moduan erantzuten mahaigainean dauden beharrei, eta ez dela gaia garatzen behar den seriotasunaz. Horregatik eskatzen diogu errektoretza taldeari gure ikasleen eskubideak berma ditzatela eta, aldi berean, ikasle euskaldunak animatu nahi ditugu euskarazko eskaintza aintzat hartzera eta matrikula egitera.

Iruñea, 2010eko ekaina.